Anoetako estadioa eraikin berezia da. Haren uhin-itxurari eta “in crescendo” egiturari esker, alboko tribunetan ikusle gehiago pilatzea lortzen da, handik hobeto ikusten baita, eta hondoetan, ateen atzean, alegia, harmaila-kopurua txikiagoa da. Horrela, gainera, Madril Hiribidetik begiratuta, estadioak bere alderik baxuena erakusten du, beraz, begi-inpaktua txikiagoa da.
Eraikinaren kanpoko forma oin biribila da eta 210 metroko diametroa du. Simetrikoa da haren bi ardatzekiko eta ardatz horiek, aldi berean, Madril Hiribidearekin bat egiten dute. Eraikitako azalera 30.500 metro karratukoa da eta gehienezko garaiera 32 metrokoa. Kanpoaldetik banaketa-plataformetara zuzenean doazen eskailera batzuk erabiltzen dira beheko harmailetara zein anfiteatroetara iristeko.
Edukiera 32.076 eserlekukoa da, guztiak ere estaliak. Elbarrientzako guneak ere badauzka.
Ezaugarri nagusiak:
- Zimenduak: nagusiki, hormigoi aurrefabrikatuzko pilotez osatuta daude eta horietako batzuk zuzeneko zapatak dituzte.
- Egitura: “in situ” egindako hormigoi armatuzko karrerapeak eta habeak ditu.
- Solairuetako forjatuak: hormigoi armatuzko plaka aurrefabrikatuak eta “in situ” egindako konpresio-geruzak erabili dira.
- Karrerapeen arteko harmailak: hormigoi armatuzkoak dira eta aurrefabrikatuta daude.
- Fatxadaren itxitura: hormigoi armatuzko plaka aurrefabrikatua.
- Estalkiaren egitura: zertxa espazial batez osatutako egitura metalikoa, karrerape bakoitzean bi euskarri eta tirante bat duena.
- Estalkiaren gehienezko hegada: 45 m
- Egitura estaltzeko erabilitako materiala: aluminiozko xafla.
Datu aipagarrienak unitateetan:
- Hondeaketa: 58.000 m³
- Hormigoia: 25.100 m³
- Piloteak: 20,5 km
- Altzairu uhindua: 2.250 tona
- Forjatu aurrefabrikatua: 22.800 m²
- Harmaila aurrefabrikatuak: 18,5 km
- Egitura espazial estalia: 14.000 m²
- Argizuloa: 4.600 m²